Wikipedia, Entziklopedia askea

Merkatu-ekonomia

Bilboko Erribera merkatua

Merkatu-ekonomia ekonomia antolatzeko modu bat da. Bertan enpresa-askatasuna dago, hau da, herritarrek edozein ekonomia-jarduera gauzatzeko askatasuna dute, bai bakarka eta bai taldean, beti ere legearekin bat baldin badator. Hortaz, banakoek edo enpresek berek erabakitzen dute zer, nola eta zeinentzako ekoitzi; produktuak non, nola, nori, zer kopurutan eta zer preziotan saldu; eta beren irabaziak nola eta zertan gastatu.

Zein dira merkatu-ekonomiaren ezaugarriak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira merkatu-ekonomiaren ezaugarri nagusiak:

  • Jabetza pribatua: legeak pertsonei eta enpresei aitortzen dien eskubidea da, ondasun jakin bat eduki, hura kontrolatu eta erabiltzeko eskubidea. Alegia, ondasunaren legezko jabe izatekoa.
  • Enpresa-askatasuna: ekonomia-jarduera bat gauzatzeko, enpresak eratzea aitortzen duen eskubide legala da, eta baita gobernuek eskua sartu gabe ekoizpena eta produktuen prezioa nola antolatu erabakitzekoa ere.
  • Prezio-sistema librea: produktuen eta zerbitzuen prezioak eskaintzen eta eskatzen denaren araberakoak dira eta lehia librean oinarritzen dira.
  • Lehia librea: edozein pertsonak edo enpresak ekonomia-jarduera jakin batean parte hartu eta produktuen prezioak erabaki ditzake, saltzaile zein erosle gisa.
  • Estatuaren esku hartze mugatua: Estatuak zera baino ez du egiten, salerosleen erantzukizun ekonomikoa ikuskatu eta enpresei beren jabetzekiko betebeharrak betearazi.

Prezioak merkatu-ekonomian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan ohi da merkatu-ekonomian oinarritutako sisteman merkatuak berak ezartzen dituela ondasunen prezioak eta eskainitako produktuen kopurua, beti ere eskaintza-eskarien legearen arabera. Lege horren arabera, zenbat eta urriagoa izan ondasun bat eta zenbat eta gehiago eskatu, are eta altuagoa izango da haren prezioa. Bestalde, lehia librearen arabera, saltzaileek beren prezioak besteenak baino merkeago jarri ditzakete, horrela gehiago saldu eta irabazi handiagoak izateko.

Hortaz, sistema honetan, Estatuak ez ditu erabakitzen produktuen eta zerbitzuen prezioak; horregatik esaten da prezio-sistema librea dela. Estatuak, ordea, baditu kontuan gizartearen beharrak, eta zergak ezartzen ditu herritarrek ondasun batzuk kontsumitu ditzaketela bermatzeko. Beraz, nahiz eta merkatuari librea deitu, ez dago erabateko askatasuna, Estatuak eskua sartzen baitu prezio batzuk erregulatzeko. Liberalismoa deritzan beste pentsamolde baten arabera, aldiz, Estatuak kasu bakar batean baino ez luke esku hartu behar merkatuan, monopoliorik ez dagoela ziurtatzeko, alegia. Monopolio bat zera da: saltzaile edo enpresa bakar batek ondasun edo zerbitzu baten erabateko kontrola izatea, inolako lehiakiderik gabe; hortaz, berak erabaki dezake zein prezio jarri, eskaintza-eskarien legetik kanpo.

Onurak eta kalteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkatu-ekonomiaren onura nagusia da, ekonomia librea izanez gero, kontsumitzaileek aukera zabalagoa dutela produktu bat erosterakoan. Horrez gain, lehia libreari esker, produktu berak hainbat prezio ezberdin eduki ditzake, eta, horrela, erosleak prezio merkeenekoa edo kalitate hoberenekoa aukeratu dezake. Horrek eragin onuragarria du ekonomian, enpresak eraginkorragoak izatera eta produktuen kalitatea etengabean hobetzera bultzatzen baititu, erosleak bereganatzeko asmoz. Hori hoberen egiten duten enpresek luzaroago iraungo dute merkatuan.

Kalteetako bat da enpresa handi eta boteretsuenek prezioak txikitu ditzaketela enpresa txikienei tokirik ez uzteko. Horrela, enpresa txikienak desagerrarazi eta monopolioa sortu dezakete. Bestalde, bizirauteko ezinbestekoak diren produktuen prezioa (arroparena, janariarena, etxebizitzarena...) eskaintza-eskarien legearen menpe uztea ez da komenigarria herritarrentzat. Bestela, oso zaila litzateke pertsona txiroentzat, baliabide ekonomiko gutxien dituzten horientzat, oinarrizko beharrak asetzea eta bizirautea. Kasu horietan esku har dezakete Estatuek pertsona guztientzat bizi duina ziurtatzeko.