Txikipedia:Justizia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Auzitegia

Justizia hitzak bi esanahi ditu:

  • Legez pertsona bakoitzari dagokiona ematea edo bueltatzea.  
  • Hori ahalbidetzen duen giza-antolaketa: epaileak, fiskalak, abokatuak etab., erakunde judizial baten barruan antolatuta (Justizia Ministerioa eta auzitegiak).

Justiziak bi oinarri nagusi ditu: bata, legearekiko errespetua, eta, bestea, gizonen eta emakumeen berdintasuna legearen aurrean.

Ikus dezagun eskolarekin lotutako adibide bat: ikasle batek bihurrikeria bat edo zuzena ez den ekintza bat egiten du eta gero beste bati leporatzen dio errua; bigarren ikasleak zigorra jasotzen badu, orduan injustizia edo bidegabekeria bat egon da, ikasle hori ezer egin gabe zigortua izan delako, eta ekintza okerra egin duena ez delako zigortua izan. Kasu honetan bakoitzari dagokiona ematea izango litzateke justizia: bihurrikeria burutu duenak zigortua izan behar du erruduna izateagatik, eta ezer egin ez duenak ez du zigortua izan behar, errugabea delako.

Eguneroko adibide soil honek nahiko argi erakusten du justiziak egiten duen guztia. Lehenik eta behin, urratua izan den lege bat dago. Kasu honetan, urratua izan den arau edo gizalege bat dago: ez da inor kaltetuko duen bihurrikeriarik egin behar. Norbait kaltetzen duen ekintza oker hori delitu bat da. Delitua agerian uzten denean, norbait delitu hori egin izanaz salatua izan daiteke. Salatzaile bat dago gainera, sistema judizialean fiskal deitzen zaiona, hain zuzen. Bere funtzioa epaile baten aurrean norbait salatzea da delitu bat egin izanagatik, baina, horretarako, beharrezko frogak erakutsi behar ditu, salaketa sostengatzeko.

   Ba al dakizu   
Justiziaren irudia

begiak estalita dituen emakume bat izaten da, esku batean ezpata, eta bestean balantza bat duena.Fitxategi:Statue of Themis.jpg

Justiziaren oinarrizko printzipioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Justiziak errespetatuak izan behar diren funtzezko zenbait oinarri edo printzipio ditu; garrantzitsuenak, hurrengo hauek dira:

  • Justizia bat eta bera da guztientzat: justizia era berean ezarri behar da biztanle guztientzat, pobreak zein aberatsak izan, gizon zein emakume izan, boteretsuak zein jende arrunta izan, ideologia bat zein beste bat eduki, erlijio batean sinetsi zein bat ere ez izan, etab.
  • Justizia ezin da atzerako eraginez ezarri: hau da, ekintzak gertatu ziren unean existitzen zen lege bati jarraituz bakarrik epaitu eta zigortu daiteke norbait. Une batetik aurrera lege batek ekintza bat delitutzat hartzen badu, eta ekintza hori ez bazen delitutzat hartzen lege hori existitu aurretik, orduan ezin daiteke zigortu legea indarrean jarri aurretik ekintza hori burutu duena.
  • Justizia doanekoa da: biztaleek ez diote sistema judizialari (epaileak, auzitegiak, etab.) ordaindu behar justiziara jotzeagatik. Biztanleek abokatuak kontratatzeko eskubidea dute, eta haiek ordaindu behar dituzte dagozkien gastuak. Dena den, akusatu batek ez badu defendatzeko abokatua ordaintzeko dirurik, Estatuak derrigorrez “ofiziozko abokatu” bat eskaini behar dio, ezer ordaindu gabe.
  • Botere judiziala independientea da: Justizia Ministroak izendatu dituen epaileak independienteak dira gainontzeko botereekiko (politikoa, finantziarioa, komunikabideak, etab.) izendatuak izan diren unetik aurrera; beren baimenarekin ordezkatuak edo kargugabetuak izan daitezke.
  • Justizia lege jakin batzuen arabera ematen da: epaiketak burutzeko modua prozedura-kode batzuen arabera ezarrita dago; kode horietako arauren bat urratzen bada, epaiketan sartutako parteek (salatzaileak edo salatuak) epaiketa bertan behera uztea eska dezakete, arauak betetzen dituen beste bat egiteko.
  • Justizia publikoa da: justizia ezin da ezkutuka aritu. Auzi batean parte hartzen duten parte guztiek audientzia publikoetan agertu behar dute, publikoki.
  • Justizia errugabetasun-presuntzioan oinarritzen da: auziaren ondorengo epaian epaileak norbait errundun jotzen ez duen bitartean, errugabea da. Erruduna izateko, salatzaileak erruduntasun hori frogatu behar du; ezin badu frogatu, salatua izan den pertsona errugabe deklaratu behar da.
  • Sententzia neurrizkoa izan behar da: honek esan nahi du pertsona bat bere ekintzen larritasunagatik bakarrik zigortua izan daitekeela. Ez litzateke bidezkoa izango pertsona bati betiko kartzela-zigor bat ezartzea ogi zati bat lapurtzeagatik. Ez litzateke bidezkoa izango ere isun bat jartzea hilketa bat burutu duen pertsona bati.