Wikipedia, Entziklopedia askea

Hipatia Alexandriakoa

Hipatiaren errepresentazioa, XIX. mendeko margolan batean

Hipatia IV. mendean Antzinako Egipton bizi izan zen matematikari eta filosofo bat izan zen. Bere garaian, Munduko matematikari eta astronomo nagusienetako bat izan zen.

Alexandria izeneko hirian jaio zen, 355. urte inguruan. Aita ere matematikari eta astronomoa izan zen, Alexandriako Liburutegi ospetsuko Museoan. Bere garaiko neskato gehienak ez bezala, Hipatia ez zen etxean geratzen; Museora joaten zen irakurtzera eta aitari beste jakintsu batzuekin ideiak eztabaidatzen entzutera. Aitak matematika, zientziak, literatura, filosofia eta artea irakatsi zizkion.

Hipatia, geroago, bere aita bezain jakintsu bihurtu zen. Antzinako Greziako jakintza zaintzeko lan egin zuen. Geometriari, astronomiari eta aritmetikari buruz idatzi zuen. Filosofia ere irakatsi zuen. Ikasle leial eta entzule asko erakarri zituen. Alexandrian filosofia eskola bat zuzentzera iritsi zen.

Garai hartan, gatazka erlijioso gogorra zegoen kristau, judu eta politeisten artean; halako batean, 412an, Alexandriako gotzainak (buruzagi kristau batek) tenplu pagano bat suntsitzea agindu zuen. Hipatiaren irakaspenak erlijiosoak ez ziren arren, kristau batzuei pagano iruditzen zitzaizkien. Jende asko Hipatiaren pentsamenduaren aurka zegoen eta, 415eko martxoan, kristau talde batek Hipatia hil zuen, haien fedearen aurkako iritziak izateagatik.