Mirotz zuri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mirotz zuri
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaAccipitriformes
FamiliaAccipitridae
GeneroaCircus
Espeziea Circus cyaneus
Linnaeus, 1766
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masaarra: 346 g (helduen pisua)
emea: 527 g (helduen pisua)
Zabalera1,1 m
Eguneko zikloacrepuscular (en) Itzuli

Mirotz zuria (Circus cyaneus) accipitridae familiako hegazti harrapari bat da.

Mirotz hau ipar hemisferioko iparraldean bizi da.[1] Hego Euskal Herrian, babestutako espezieen katalogoetan sartuta dago, bi mailatan: Euskal Autonomia Erkidegoan, interes berezikoen zerrendan dago; Nafarroa Garaian, babes maila altuagoa du, kalteberen zerrendan sartu baitute. Ipar Euskal Herriari buruz, berriz, ez dago datu zehatzik.[2]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantauri aldeko landa-eremuan, mendi-hegal bat, lehen baratza eta belardia zena, gaur egun ote arantzatsuz beteta dago, non pitxartxarrak eta atzandobiak dabiltzan lekuan. “Ki-ki-ki-kii” oihu zorrotz batek gure arreta pizten digu eta silueta luzanga bat ikusiko dugu, hego argi handiak dituena eta barra grisak dituen buztan bat duena, hegan dabil pinu baten puntan pausatu arte, agerian. Bertan argi eta garbi ikus dezakegu irudi estilizatu bat, buztan luze eta grisaxka gorputzetik bereizita, grisa hau ere orban zuri argi batekin. Moko beltz eta kakodunarekin, hori-argizari kolorekoa, kolore bereko hatz luzez amaitzen diren, atzapar zorrotzez armatuak, mirotz zuri har baten aurrean gaude, 43 eta 51 cm bitarteko tamainako harrapari liraina.

Emea espezie honetan ere desberdina da. Bizkarraldea arre iluna da eta buztanetik bereizia, hau ere arrea zeharkako marra ilunekin, hegaldian erraz ikusten den orban zuri batekin. Hegoak ere arreak dira eta azpiko atalak zertxobait argiagoak, baina arrarenak bezala zuriak ez, eta, gorputzaren luzera osoan marra ilunekin. Kumeak emeen antzekoak dira, baina azpian gorrixkagoak eta marra ilunagoak dituzte, bizkarra orban zuri txikiz orbandua, eta mokoa berde-argizari kolorekoa.[3]

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landetan altuera baxuan egiten du hegan normalean, planeatuz, hegoekin V kamuts bat osatuz, edo hegoen astindu motel eta iraunkor batekin. Egunean zehar ehizatzen du, ia beti lurrean harrapatzen ditu. Batez ere lurreko ugaztun txikiez, saguz, muxarrez eta satorrez elikatzen da, anfibio, narrasti eta baita intsektu ugari harrapatzen dituelarik, lurrean dabiltzan txoriak harrapatzen ditu batez ere, baina gutxiago.

Zuhaitz asko dagoen eremuetan, ertzak aprobetxatzen ditu batez ere, basoaren gainean hegan eginez baina sartu gabe.

Mirotz guztiak bezala, lurrean ugaltzen da, sastraka eta zuhaixka trinkoetan ezkutatzen du habia. Batez ere emeak eraikitzen du eta hurrengo urtean ez du puntu zehatz bera erabiltzen ugaltzeko, baina urtez urte leku berari lehentasuna ematen dio, nahiz eta leku askotan eremu egokiak urriak diren eta aukera hori pixka bat behartutakoa izan. Leku lehorrean habia adartxo eta lezkaz egindako geruza fin bat da, belarrez tapizatuta, leku hezeagoetan bere lodiera eta tamaina nabarmen handituz.

Maiatzaren amaieran egiten du errunaldi bakarra, 4-6 arrautza zuri-urdinxka kolorekoak, gutxitan orbanekin eta oskolaren barrualdea berdea dutena. Bi egunez behin erruten du arrautza, baita gehiago ere, eta bigarren edo laugarren arrautza errun ondoren emea bakarrik hasten da inkubatzen, 29-39 egunez berotzen ditu.

Txiten bizitzako lehen bi asteetan, arrak ehizan gogor egiten du, harrapatutako harrapakinak habiara hurbilduz eta emeak hegaldian jasotzen ditu.

Txitak 14 eta 35 egun bitartean lumaz janzten dira, ondoren zaintza gutxiago behar dute eta emeak ere ehizan kolaboratzen hasten dira. Epe horretan zehar txitak habia ondoko landaredian ezkutatzen dira, hutsik utziz, eta gurasoak janaria ekartzen dutenean bakarrik itzultzen dira bertara.

Elikadura oso ugaria ez bada, ahulenen hazkuntza atzeratu egiten da, eta azkenean hiltzeko joera dute. 37 egun ondoren bizirik atera direnek trakets egiten dute hegan, eta oraindik ere gurasoek elikatzen dituzte habiatik hurbil egonaz. Geroago helduekin batera joaten dira, normalean nahikoa motela izan ohi den heltze bat osatuz. Espeziea nahiko ugaria den eremuetan, ar batek bizpahiru eme estal ditzake, baina txita kopuru handiak emeak goizegi ehizatzera behartzen ditu, eta horregatik, bizitzako lehen egunetan ez dituztelako ondo zaintzen, asko hiltzen dira, habia asko suntsitzen dira.

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hedatua dagoen hegaztia da, Europako, ipar-mendebaldeko Afrikako, Asiako eta Ipar Amerikako eremu epel eta borealetan zehar. Europan mediterraneoko penintsuletako iparretik, Eskandinaviako eta Finlandiako goiko latitudetaraino. Iberian iparraldeko eremuan bakarrik. Portugal iparraldetik eta Galiziatik erdialdeko Pirinioetaraino, Iberiar Mendikatearen puntuetaraino hedatuz.

Euskal Herrian ondo banatutako espeziea da. Gipuzkoan eta Bizkaian normaltasunez agertzen da, urriagoa itsasotik gertu eta Bizkaiko eremu lau eta landutakoetan, non ote-sastrakadi zabalak falta diren.

Pinuaren eta beste koniferoen birpopulaketak, naiz eta hazkuntzako lehen faseetan habia egiteko leku egokiak eskaintzen dituzten, habitat egoki asko kentzen ari dira, izan ere otadiak eta eremu zabalak dira ugaltzeko egokiak miru zuriarentzat, zuhaixkak eta belar txarrak erretzea ere kaltegarria da beretzat.

Hegoalderantz jaitsiz gero eta urriagoa da, Arabako iparraldean eta erdialdean, otalurrak eta malda babestuak partekatzen ditu mirotz urdinarekin eta landutako soroetan ere bai, hegoaldeko ale-soroetan eta mahastietan mirotz urdina da nagusi, mirotz zuriak nahiago ditu iparraldeko landa-pasaiak, larreak eta sastraka baxuko eremuak.

Iberiar penintsulan populazio txiki bat bizi da, Kantauri zerrenda osoan eta Galizian. Banaka hauek negua hegoaldeko eremuetan igarotzen dute, Afrikara mugituz edo erdialdeko eremuetan eta Andaluzian barreiatuz. Migrazioan zehar, talde txikiak osatzen dituzte, nahikoa altuera handian eta ohi baino azkarrago hegan eginez, nahikoa sakabanatuta eta ez dira gune zehatzetan kontzentratzen itsasoa zeharkatu eta Afrikara iristeko.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Circus cyaneusek bi azpiespezie ditu:[4]

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) del Hoyo, J., Elliott, A., & Sargatal, J., eds. (1994). Handbook of the Birds of the World Vol. 2. Lynx Edicions, Bartzelona ISBN 84-87334-15-6.
  2. «Mirotz urdinei bizirik eusten» Berria 2021-07-17 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  3. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 164 or. ISBN 84-7542-639-5..
  4. (Ingelesez) Clements, J. F. 2007. The Clements Checklist of Birds of the World, 6th Edition. Cornell University Press.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araozko kontuak


Animalia Artikulu hau animaliei buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.