Wikipedia, Entziklopedia askea

Perseidak meteoro-zaparrada bat dira, ipar hemisferioan abuztuan ikus daitekeena. "Meteoro-zaparradak" ("ozar-izarrak" edo "ozar iheskorrak" ere deitzen zaie), berez, kometa batetik datozen materialak Lurraren atmosferara sartu eta desintegratzean sortutako distirak dira.

Perseidak time-lapse batean

Perseidei "San Lorentzoren malkoak" ere deitzen zaie, urtero gutxi gorabehera San Lorentzo egunean, abuztuaren 10ean, ikusten baitira. Izan ere, Lurra urteko garai horretan igarotzen da espazioko eremu jakin batetik, Swift-Tuttle kometak Eguzkira gerturatzean hainbat hondakin utzi zituen eremu batetik, hain zuzen ere. Hondakin hauek oso txikiak izaten dira, eta gure atmosferan orduko 200.000 kilometroko abiaduran sartzen direnean desintegratu egiten dira eta dirdira labur baina biziak egiten dituzte. Zeruko edozein lekutan ikus daitezke, baina ematen du gehienak Perseus konstelaziotik agertzen direla eta horregatik deitzen zaie Perseidak. Abuztuaren 11 eta 13 artean ikusten dira gehien.

Swift-Tuttle kometak 26 kilometroko diametroa du gutxi gorabehera, eta duen orbita oso eliptikoa denez Lurretik gertu pasatzen da 133 urtean behin. 1992an pasa zen Lurretik gertu eta 2126ko uztailean pasako da berriz.

Non eta nola ikusi daitezke?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perseidak ikusteko, beste edozein ozar-izar ikusteko bezala, hirietatik eta argi-kutsaduratik urrun dagoen leku bat aukeratu beharko genuke. Gutxienez, argi artifizialik zuzenean jasotzen ez duen leku bat hautatu. Zenbat eta oskarbiago eta ilunago egon, hobe.

Zorte apur bat ere izan behar dugu. Lainotuta baldin badago, esate baterako, ez dugu askorik ikusiko. Ilargiak argi handia egiten badu beste aldera begiratu beharko dugu, baina baliteke hala ere ez izatea meteoro txikienak ikusteko gai.

Ez dugu teleskopiorik, prismatikorik ez beste ikusteko tresnarik erabili behar, haiekin ezin baitugu zeru osoa ikusi. Zeruko zati jakin batera begiratzea ere alferrik da. Meteoroak edozein aldetan agertu daitezke.

Oro har, denbora dezente igaroko dugu meteoroak ikusten. Horregatik, garrantzitsua da eroso egotea zerura begira gauden bitartean. Ideia ona izan daiteke hondartzako aulkiak, etzaulkiak edota lastairak ere eramatea. Arropa beroa izatea komeni da, nahiz eta uda izan, gauez kanpoan denbora dezente geldirik egon ezkero hoztu egin gaitezkeelako.

Azkenik, kontuan izan oso ospetsuak izan arren, Perseidak ez direla urteko ozar-izar aktiboenak. Kuadrantidek eta Geminidek meteoro gehiago izaten dituzte orduko. Eta Leonidak, irregularragoak diren arren, Perseidak bezain ikusgarriak izan daitezke.