Edukira joan

Sertorioren gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sertorioren gerra
DataK.a. 81 -K.a. 72
LekuaHispania
EmaitzaOptimatesen garaipena
Gudulariak
Optimates Populares
Buruzagiak
Kinto Zezilio Metelo,
Gneo Ponpeio Magno
Kinto Sertorio,
Luzio Hirtuleio,
Marco Perpenna

Sertorioren gerra Luzio Kornelio Silak ezarritako erregimenaren ordezkarien aurrean eta erromatar populares-en arteko gerra zibilen pasadizo bat da, Hispaniar probintzietan egin zena. K.a. 83an hasi zen,Gaio Mario jeneralaren eta Hispania Ziteriorreko gobernadore zen Kinto Sertorioren armadak erromatar Errepublikaren armada ofiziala erosotu zuenean[1].

Sertorio Populares alderdiaren aldekoa zen eta hispaniarren bizitza hobetu zuten erreformei esker, ospea lortu eta Silaren diktadura borrokatu zuen Hispaniatik. Optimatesek Errepublikatik bota zuten Sertorio eta haren matxinada amaitzeko, gudarosteak bidali zituzten Iberiar penintsulara.

K.a. 80an, Sertoriok lusitaniarrei lagundu zien Erroma erasotzen eta Silak Hispania Ulteriorreko gobernadore Quinto Zezilio Metelori bi legio bidali zizkion, matxinadari aurre egiteko. Hasieran, Metelok garaipenak lortu arren, Sertoriok zeltiberiar eta lusitaniar gerrilla-taktikak erabiltzeari ekin zion. Hartara, ia penintsula osoa bereganatzea lortu eta hiriburua Bolskanen (latinezko Osca, egungo Huesca), ezarri zuen. Artean, Erromatar Errepublikak Gneo Ponpeio bidali zuen Hispaniara eta gerra latza hasi zuen, Sertorio K.a. 72an hila izan zen arte.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 84an, Gaio Marioren popularren eta Luzio Kornelio Silaren optimatesen (Erromatar Errepublika berantiarreko alderdi aristokratikoa) arteko gerra zibila bizi zen. Lehenengoek Erroma kontrolatzen zuten, baina errepublikako gainerako lurraldeak galtzen ari ziren: Sila armada ahaltsu bat alboan zuela zuen, Mitridates VI.arekin bakea negoziatu zuen hiriburura itzultzeko; Kinto Zezilio Metelo Pio, optimatesen alderdikoa, Afrikan altxatu zen eta Kaio Fabio Adriano propretore popularra hil zuen Utikan; Marko Lizinio Kraso, Silaren aldekoa, Hispania Ulteriorren zegoen ihesean: han, armada txiki bat osatu eta Italiara itzultzeko prestatzen ari zen, gobernuan zeuden Popularrei aurre egiteko; azkenik, Gneo Ponpeio gazte bat Pizenon altxatu zen.

Bere egoera hobetzeko, K.a. 83an, Kinto Sertorio, erromatar buruzagi trebe eta talentuduna, Hispania Ziteriorrera bidali zuten pretore, Kantabria eta Lusitaniako tribuak popularren aldera erakartzeko[2][3] eta aurreikus zitekeen porroterako babesa lortzeko[4]. Berehala, tokiko buruzagiak erosi, haietaz abusatzen zuten funtzionario erromatarrak zigortu, zergak jaitsi, kolono erromatarrak armatu eta trirremeak eta gerra-makinak eraikiarazi zituen. Silak popularrak garaitu eta Erromako gobernua okupatu ondoren, bizirik iraun zuten askok Hispaniara ihes egin zuten, han, gerra jarraitzeko.

Gerraren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen etapa: K.a. 82-79[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Silak erabaki zuen armadak bidaltzea azken lurralde leialak Popularren mende jartzera. Ponpeio gaztea Siziliara joan zen, Gneo Papirio Karbo ihes egin eta armaz altxatu zuen lekura. Optimatesak garaitu eta hil egin zuen K.a. 82. urtean. Ondoren, Afrikara joan zen, Marko Perpenna Venton eta Kneo Domizio Enobarbo matxinatu ziren probintziara, Numidiako errege Hiarpasen laguntzarekin. Ponpeiok K.a. 81ean garaitu zituen, Enobarbo hil eta Hiarpas harrapatu. Perpennak Sardiniara ihes egin behar izan zuen.

Antzeko zerbait gertatu zen Hispanian, han azken herri-erresistentzia geratzen baitzen[5]. Sertoriok, bere aurkako erasoaldi aurreikusgarriaren jakitun, Livio Salinator ordezkariari agindu zion Pirinioetako pasabideak 6.000 soldadurekin hornitzeko. K.a. 82an, Kaio Annio Lusko jeneralaren agindupeko armada boteretsu bat mendilerrora hurbildu zen, baina eraso egin beharrean, nahiago izan zuen soldadu bat erosi, Salinator hiltzeko. Traizio horren ondoren, gainerako defendatzaileek amore eman zuten eta Annio penintsulan sartu zen, erresistentziarik gabe.

Sertoriok eta geratzen zitzaizkion 3.000 soldaduek Mauritaniako Erresumara ihes egin zuten. Pitusa uhartean, Betisen bokalean, Anniok utzitako garnizioa garaitu zuen, eta Annio itsasontzi askorekin eta bost mila soldadurekin hurbildu zenean, ekaitz batek eta aliatu ziliziarren trebetasunak Sertorio garaitzea ahalbidetu zuten[6]. Mauritaniara iritsi ziren: bertan, erbesteratutako popularren komunitate handi bat eta ziliziar pirata ugari zeuden. Azken hauekin aliatu zen Balear uharteak eta Mauritaniako kostaldea erasotzeko. Erresuma gerra zibil betean zegoen, Boko I.a Silaren aliatua zen eta matxinoen aurka borrokatzen zuen. Haren basailu Askalisek eta Gaio Paziano erromatar jeneralak (Silak errefortzuekin bidalia) Sertoriori eraso egin zioten, baina horrek Pazifiko hil eta bere soldaduak matxinatu ziren gudu batean garaitu zituen. Horren ondoren, jeneral popularrak Tingis hartu zuen, K.a. 81ean.

Hurrengo urteko udaberrian, Sertoriok lusitaniarren ustezko laguntza-eskaera bat jaso zuen, penintsulara itzultzeko aitzakia izan zena. Baelo Claudian lehorreratu zen 2.000 legionariorekin, 700 zaldun mauritaniarrekin eta 600 hispaniar laguntzailerekin. Optimateek, berriz, 120 mila infante, 6.000 zaldizko eta 2.000 arkulari eta habailari zituzten, lau armadatan banatuta. Berehala hartu zuen lusitaniarren laguntza, Diana jainkosak bidalia zela uste baitzuten, maskota gisa orein zuri txiki bat erosi zuelako. Esan zien oreinak jainkosaren mezuak bidaltzen zizkiola lo zegoen bitartean. Ihes egin zuenean, buruzagia porrotak izaten hasi omen zen. Laster 4000 oinezko eta 600 zaldizko lusitaniar elkartu zitzaizkion. Geroxeago, Luzio Aurelio Kota propretorea garaitu zuen, Silak ontzidi batekin bidalia, Melloriaren aurkako itsas borroka batean. Azkenik, Luzio Aufidio Hispania Ulteriorreko propretorea Betisen ertzean gurutzatu eta garaitu zuen, eta urtearen amaieran Lusitanian barneratu zen.

Berehala erabili zuen erromatarren aurkako sentimendu sendoa eskualdean, laguntza irabazteko eta Hispania Ziterior inbaditzeko, bere operazio basea Calagurrisen ezarriz.

Bigarren etapa: K.a. 79-76[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 79 urtetan, Sertoriok Hispaniako zati garrantzitsu baten jabe zela, Silak Quinto Cecilio Metelo Pio agurea bidali zuen, Hispania Ulterior-eko prokontsul gisa, bi legiorekin (10.000 gizon goiti beti), eta Corduban bere kuartela jarri zuen. Sertoriok 8.000 soldadu besterik ez zituen, eta, beraz, landa-borroka saihestu eta gerrillen gerra erabiltzea erabaki zuen.[7] Lucio Hirtuleyo bidali zuen Citerior-eko gobernadorea zen Marco Domicio Calvinori aurre egitera, une horretan Taxo ibaian aurrera zihoan hari. L. Hirtuleyok Calvino garaitu zuen Consaburatik gertu, hiria hartu eta horrela, Sertorioko hego-ekialdea finkatu zuen. Ondoren, Gigüela ibaiko bailaratik igo eta Marco Aquilio legatuari eta 6000 erromatar enboskatu zituen haiek zituzten gizonen erdiarekin.[8]

Gero, Sertoriok Lacóbriga hiriari Mertelok jarrita zion setioa apurtzea lortu zuen. Metelok ur hornikuntza kenduta zion hiriari, baina Sertoriok 2000 ur zahagi ekarri zizkien hiritarrei, eta, gero, etsaiari hornidurak moztu zizkion. Egungo Cáceres hiritik 2,5 kilometrora jarri zuen Metelok bere kanpamendu nagusia, Castra Caecilia, eta horrekin, Sertoriori hornidura bidea moztu nahi zion, eta Tajo ibaiaren iparraldean isolatuta utzi.[9][10]

Garaipen horiek oso ezagunak egin ziren Iberiar penintsulako herrien artean, eta, trebeki, erromatar erako Senatu bat sortzea erabaki zuen, baina Bolskanen[11] noble hispanoek osatua. Prokontsul izendatu zuten, eta senatarien erabakiak errespetatzeaz arduratu zen. Hispaniako erreklutak erromatarrak bezala entrenatu zituen, armarri, krosko eta tunika onekin.[12] Bere gobernadoreak instalatu zituen, eta herri-babesa bidezko epaiak eginez eta zergak murriztuz irabaz zezaten saiatu zen. Azkenik, akademia bat sortu zuen jatorrizko familia handien seme-alabentzat, non irakasle erromatarrak eta greziarrak irakasten baitzieten nobleen haurrei. Bahituak ziren, baina etorkizuneko funtzionario erromatarrak izateko ere prestatzen zituzten.[13] Garai hartan, Sertorio Ebro Garaiaren eta Tarraco-ren jabe zen, zalantzarik gabe. Hori zeltiberiarrekin zuen aliantzagatik gertatu zen.

Aunque en su leyenda presenta el nombre de Bolska, durante la contienda la población ya se denominaba como Osca
Oscan sortu zuten denario hau, eta Sertoriok instituzio bat sortu zuen elite hispanoen seme-alabak prestatzeko.

Bere garaipenek, hispanoen artean ospea eman zioten. 78a urtean. C. Perpennak, Sardinian eutsi nahian zebilela, 20 000 infanterekin eta 1.500 zaldikorekin Sertorioren babesa eskatzea erabaki zuen.[14] Bitartean, Hirtuleyo Ilerdarainoko etsaia erasotzen jarraitu zuen, eta han Galia Narbonenseko prokontsulari, Lucio Manliori, irabazi zion, Hispanian sartu baitzen Calvinori laguntzeko. Ordurako, prokontsul menderakaitzak 8.000 zaldizko eta 60.000 infante zituen, bi herenak bertakoak. Perpennaren agindupean, aldiz, 2.000 legionario beterano baino ez zeuden.

Hirugarren etapa: K.a. 75-72[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. López Fernández, J. A., & Fernández, C. (2014). La guerra hispana de sertorio 82-72 a. c (1., Ser. Guerreros y batallas, 94). Almena.
  2. Plutarco, 6, 3; Apiano, I, 86, 1
  3. Grimal, Pierre (1984). El mundo mediterráneo en la edad antigua: La formación del Imperio romano. III lib. Madrid: Historia universal ed. siglo XXI. ISBN 9788432301681.
  4. Plutarco, 6, 2.
  5. Apiano, I, 97, 1
  6. Plutarco, 7, 3
  7. Plutarco, 12, 5
  8. Romeo Marugán, Francisco. (mar 25, 2023). «Geoestrategia del bellum sertorianum: defensa en profundidad en el valle del Ebro en una guerra total frente a Roma» Bolskan (28): 57-95..
  9. Plutarco, 13, 5
  10. Romeo Marugán, Francisco. (mar 25, 2023). «Geoestrategia del bellum sertorianum: defensa en profundidad en el valle del Ebro en una guerra total frente a Roma» Bolskan (28): 57-95..
  11. Latinez, Osca, eta gaur egun, Huesca.
  12. Plutarco, 14, 3
  13. Plutarco, 14, 2
  14. Plutarco, 15, 1-2

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]