Londres
Wikipedia(e)tik
|
Londres |
|||
|---|---|---|---|
|
|||
| Berezko izena | London | ||
| Herrialdea | |||
| Eskualdea | Londres Handia | ||
| Alkatea | Boris Johnson (Alderdi Kontserbadorea) | ||
| Koordenatuak | |||
| Eremua | 1.579 km2 | ||
| Sorrera | erromatar hiria: Londinium | ||
| Biztanleria | 7.500.000 (2005) | ||
| Dentsitatea | 4.697 bizt/km² | ||
| http://www.london.gov.uk | |||
Londres (ingelesez London) Ingalaterra eta Erresuma Batuko hiriburua da. Tamesis ibaiaren ertzetan eta Britainia Handiko hegoaldean kokatuta, 43an fundatu zuten erromatarrek, Londinium izenpean. 7.500.000 biztanle edukita, Londres Europar Batasuneko hiririk handiena da.
Eduki-taula |
[aldatu] Geografia
Tamesis ibaiak zeharkatzen du hiria, eta bitan banatzen. Ibaiak izugarrizko eragina izan du hiriaren garapenean. Ibai horren ipar-ertzean fundatu zen Londres, eta mende askotan zehar zubi bakarra egon zen, Londreseko zubia (London bridge), hain zuzen ere. Hori dela-eta, Londreseko hirigunerik garrantzitsuena iparraldean kokatuta dago, baita zinema, antzerki, gune historiko eta turistikorik inportanteenak ere. XVIII. mendean zubi gehiago eraiki zirenean, hiria norabide guztietan zabaldu zen.
Londresek klima ozeaniko eta epela du. Udak oso gutxitan izaten dira beroak (batez besteko tenperatura uztailean: 18º) eta neguak ere nahiko epelak izan ohi dira (batez besteko tenperatura urtarrilean: 6º). Udan tenperaturak ez dira 33 ºC-tik igotzen. Tenperaturarik handiena 2003ko beroaldian neurtu zen, 38,1ºC-koa izan baitzen.
Londres Europa osoko hiririk kutsatuena da, berdegune handiak izan arren. Auto eta industriek ke-kantitate handia isurtzen dute hiri barnean.
[aldatu] Historia
Jatorriz eremu zingiratsuz inguratutako Tamesis ibaiaren ipar-ertzeko herrixka zeltarra zena, erromatarrek gotortu eta Londinium izendatu zuten Ko 43. urtean, erromatarrek Britainia hegoaldeko tribuak mendean hartu ondoren. Harresiek "Square Mile" deitutako barrutian zedarritzen zuten Londres, eta laukizuzen trazako eremu hori egungo "City" finantza-guneari dagokio. Garai horretan, Londres Britainiako hiriburu bihurtu zen, baita merkataritza-gune garrantzitsu ere.
Bertako britainiarrak eta erromatarrak elkarrekin bizi ziren, ahalik eta Erromatar Inperioa V. mendean gainbehera etorri arte: hiriguneek, Erromatar Inperioko joerarekin bat etorriz, indarra galdu zuten eta biztanle ugarik mendi-zelaietara alde egin zuten, baita Londresen ere. Erromatar boterea ahultzearekin batera, gainera, beste herri bat, germaniar saxoiak, hiriaren inguruaren aldameneko lurretan finkatu ziren, batzuetan britainiar biztanle-guneen artean eta beste batzuetan horiek mendebalderantz kanporatuz.
Aldiz, saxoiak ez ziren Londinium esparru erromatarraren barnean finkatu eta, mende batzuen buruan, anglosaxoiek beste finkaleku bat sortu zuten Tamesis ibaian 2 km inguru gorago, Lundenwic deitutakoa (VII-VIII. mendeak). Oraindik orain egindako indusketek frogatu dutenez, egungo Covent Garden aldean zegoen kokatuta. IX. mendetik aurrera, berriz, areagotu egin ziren lehenago ere danimarkarrek (bikingoek) egiten zituzten erasoak, eta anglosaxoiek Lundenwicetik antzinako Londiniumera lekualdatzeko hautua egin zuten, harresiz hobe babestuta zegoelakoan (886 urtea). Anglosaxoien finkaleku izandakoari izena aldatu zioten, Ealdwic jarri ('finkaleku zaharra' ingeles zaharrean); egun izen horren aztarna dugu Adlwych Londreseko kalea.
1066an Gilermo normandiar dukea Harold II anglosaxoiari gailendu ondoren, Westminsterreko Abadia eta aldameneko jauregia erregetzaren egoitza bihurtu ziren Gilermoz geroztik. Abadia horretan koroatu zuten Gilermo Ingalaterrako errege, eta Ingalaterrako errege guztiak bertan koroatzen hasi ziren gerora ere. Bere garaipenaren ostean, Gilermok pribilegio batzuk bermatu zizkien londrestarrei, eta Londreseko Dorre ospetsua eraiki. Eraikin horren helburua, ordea, londrestar anglosaxoiak zainpean edukitzea zen batez ere. Westminsterren, Londresen bigarren gune bat hazten hasi zen erregetzari eta gobernuari lotuta; XVI. mende aldera bi guneak, merkataritza-gunea ("Square Mile" zaharra) eta gobernu-gunea (Westminster), elkartuta geratu ziren fisikoki.
Erdi Aroko Londresek handitzen jarraitu zuen. Londrestarrek Tamesis hegoaldeko ibaiertzera igarotzeko zubi bakarra zeukaten: Londreseko Zubia delakoa, hegoaldeko ibaiertzean Southwark auzoa zuela. Kaleak estuak eta bihurriak ziren, etxeak egurrez egindakoak, eta teilatuak maiz lastoz osatutakoak. Hainbat sute gertatu ziren, eta 16 aldiz zabaldu zen izurri beltza 1348 eta 1665 artean. 1665an Izurrite Handia gertatu zen eta, ondorioz, 70.000-100.000 londrestar hil zirela uste da.
1666an Londreseko Sute Handia izan zen, irailaren 2tik 5era bitartean. Gertakari hau Ingalaterrako historiako mugarri bat da. Txikizioa eragin zuen Erdi Aroko hirian; alegia, erromatar-harresiaren barrenean kokaturiko esparruan. Westminster auzo aristokratikoa mehatxatu zuen, baina ez zen bertaraino iritsi. 13.200 etxe, 87 eliza, San Pauloren katedrala eta hiriko agintaritza-eraikin gehienak kiskali zituen. Berreraikuntza hamarkadetan luzatu zen, eta Christopher Wren arkitektoa izan zuen buru. Arkitekto ospetsu honek eliza asko berreraiki zituen, San Paulo katedrala, besteak beste. Londreseko kale-matazaren diseinua aldatzeko ahalegina egin zuten arren, lehengo horretan geratu zen gehienean; aldiz, etxeak eraikitzeko materialak behin betiko aldatu zituzten, adibidez, etxeen lastozko estalkiak teilaz aldatu ziren. Egun, Monument zutabe oroigarriak urte horretako gertaera lazgarria ekartzen digu gogora.
Londres norabide guztietan zabaldu zen zabaldiak, basoak, herriak eta abar barneratzen. 1759an Britainiar museoa (British Museum) zabaldu zuten. XVIII. mendetik, XX. mendeko lehenengo erdialdera, Londres Britainiar Inperioaren hiriburu izan da.
XIX-XX mendeetan Londres munduko hiririk handiena izan zen, eta 1863ko urtarrilaren 9an hiriko metroa zabaldu zuten, munduko lehena.
Bigarren Mundu Gerran Luftwaffe Alemaniako aire armadak etengabe bonbardatu zuen Londres ("Blitz" izenaz ezaguturiko bonbardaketak), Ingalaterrako Batailako erasoetan. Sarraldi honek 30.000 londrestar hil eta hiriaren gune asko desagerrarazi zituen. Behin gerra bukatuta, Londres izugarri hazi zen eta erralentizazio handia jaso zen; suntsitutakoa atondu eta berreraiki zen, berdegunez osatu eraztun-berdea ("Green Belt" deitzen diotena).
1952ko abenduan, Londresek gaur egun "Great Smog" gisa ezagutzen dena pairatu zuen, lau egunez. Berez, "smog"a aireko kutsaduraren eta hiriko behe-lainoaren nahasketa bat da, eta historian zehar, neurri handiago edo txikiagoan, Londresen maiz agerturiko fenomenoa da. Baina 1952koa bereziki larria izan zen; izan ere, hotza zela-eta, londrestarrak hasi ziren ohi zuten baino ikatz gehiago erretzen, baina ke hori harrapatuta gelditu zen aire hotzezko geruza baten azpian. Hori horrela, kutsagaien kontzentrazioa izugarri hazi zen, eta horrek birika-infekzio ugari eragin zituen. Ondorioz, 4.000 pertsona hil ziren (gehienbat, oso gazteak edo oso zaharrak, edo lehenagotik ere arnasa-arazoak zituztenak). Hurrengo hilabeteetan, beste 8.000 hil ziren. Gertatutakoa ikusirik, aireko kutsadurari aurre egiteko zenbait arau onetsi ziren, erregai kutsagarri batzuen erabilera debekatu zutenak.
1997an su-etena iragarri arte, IRAk gogor eraso zuen Londres, Britania Handiko gobernua eta Ipar Irlandako Sin Féinn alderdia negoziatzeko presioa egiteko asmoz.
2005eko uztailaren 6an, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak Londres aukeratu zuen 2012ko Joko Olinpikoen egoitza izateko. Hortaz, Joko Olinpikoak hiru bider antolatuko dituen munduko hiri bakarra da Londres, 1908 eta 1948 urteetan antolatu ostean.
[aldatu] Demografia
Industrializazio-prozesuarekin batera, Londreseko biztanleria agudo hazi zen XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, eta mundu osoko hiririk populatuena izan zen, harik eta New York 1925ean gailendu zitzaion arte. Londreseko populazioak 1939an jo zuen goia, 8.615.245 biztanle izatera iritsi zenean. 2006. urtearen erdialdean, Londres Handiak (Greater London) 7.512.400 egoiliar zeuzkan ofizialki. Dena den, Londresen hiri-esparruak gainditu egiten ditu Londres Handiaren mugak, eta 2001ean 8.278.251 biztanle zeuzkan. Londresen metropoli-eskualdeak 12 eta 14 milioi biztanle bitarteko populazioa dauka, zenbaketa egitean erabilitako irizpidearen arabera. Eurostat-eko datuen arabera, Londres da, hain zuzen ere, Europar Batasuneko hiririk eta metropoli-eremurik populatuena, eta Europako bigarren populatuena (edo hirugarrena, baldin eta Istanbul Europako hiri gisa hartzen bada).
Londreseko lurraldeak 1.579 kilometro koadroko azalera dauka. Biztanleriaren ikuspegitik, Londres da munduko 25. hiririk handiena, eta munduko 17. metropoli-eremurik handiena.
[aldatu] Barrutiak
[aldatu] West End
West End da aisialdi eta erosketetarako auzo nagusia, eta Europako erosleku nagusia da, beste hainbat hiribururen aurretik (Paris, Madril, Milan edo Berlin). Bertako leku nabarmenen artean dago Trafalgar Square, Nelson-en zutabea erdi-erdian duela; plaza hori ezaguna da, besteak beste, National Gallery margolan-museoa bertan dagoelako, eta, horrez gain, Londresen manifestazio asko eta asko egiteko aukeratu ohi den plaza delako. West End-en dago Oxford Street erosketa-kale ospetsua ere. Azken kale hori zeharkatzen du Regent Street etorbide dotoreak, elektronika, jostailu, ordenagailu edota Hi-Fi produktuetan espezializatua, eta famatua, besteak beste, bertan Eguberrietan pizten dituzten argiengatik. Regent Street-etik behera joanez, kalea kurbatu egiten da Piccadilly Circus plaza famatura iritsi aurretik. Zalantzarik gabe, Londresek dituen bihotz ugarietako bat da Piccadilly Circus, bere neoi-iragarki erraldoiekin eta jendearen etengabeko joan-etorriekin.
Ezin da aipatu gabe utzi Londresko ikur bereizgarri bilakatu den Parlamentuaren eraikina, berez "Westminsterreko jauregia" izena duena. Tamesis ibaiaren ertzean eraikia da, 1860ko hamarkadan. Mundu osoan ezaguna da jauregi honen erloju-dorrea, zeinak, jende askok uste duenaren kontra, ez baitu "Big Ben" izena. Berez, Big Ben da dorre horren barruan dagoen kanpaiaren izena.
Parlamentutik oso hurbil dago kokatuta Westminster-eko abadia. Bertan koroatzen dituzte Ingalaterrako errege-erreginak, eta bertan daude, era berean, haietako askoren hilobiak. Ikusi gabe utzi beharko ez litzatekeen tokia da, beraz.
Parlamentuaren jauregiaren ondoan dago, halaber, Whitehall hiribidea, gehienbat gobernuaren eta administrazioaren eraikinez osaturikoa. Eraikin horietako bat da Foreign Office, edo Kanpo Arazoetarako Ministerioa. Bere sotoetan daude "Cabinet War Rooms" izenekoak; hots, britainiar gobernuak Bigarren Mundu Gerran bilerak egiteko erabilitako gela multzoa. Bertatik egiten zuen Winston Churchillek Alemaniako gerra-hegazkinek Ingalaterraren kontra abian jartzen zituzten erasoen jarraipena. Gela horiek gaur egun ikusgai daude publikoarentzat.
Whitehall hiribidearen aldamenean dago, halaber, Downing Street, eta kale horretako 10. zenbakian dauka egoitza ofiziala Erresuma Batuko Lehen Ministroak.
Buckingham jauregia ere West End auzoan dago. Ezaguna den bezala, Buckingham jauregia da Erresuma Batuko errege-erreginek Londresen daukaten egoitza ofiziala, Viktoria erreginaren garaiaz geroztik. Erregina Buckinghamen bizitzen ari den denboraldietan (beste egoitza batzuk ere bai baititu: adibidez, Sandringham jauregia, Norfolken, eta Balmoral jauregia, Eskozian), Erresuma Batuko bandera ipintzen dute jauregiko bandera-makilean. Beraz, jauregiaren goialdean bandera jarrita baldin badago, erregina Londresen dagoen seinale.
Gaur egungo Buckingham jauregia da XVIII. mendearen hasieran Buckingham-eko dukeena zen etxe bati ondorengo mendeetan egin zaizkion zabaltze-lanen eta eranskinen emaitza. Jauregiaren fatxada nagusia, mundu guztian ezagun dena, 1913an Aston Webb-ek eginiko eraberritze eta birmoldaketa lanen ondorioa da. Buckingham jauregiak duen ikusgairik entzutetsuenetakoa da jauregizainen aldaketa ekitaldia. Jauregia barrutik ikus daiteke, abuztu eta irailean. Ikusgai dagoena jauregiko Estatu Gelak dira.
West End-ean Soho ezaguna ere aurki dezakegu, pub, jatetxe, kafetegi, antzerki, zinema eta bestelako lokalek osatutako zonaldea. Sohoa gay-komunitatearen bizilekua ere bada, eta zine eta telebista produkzio asko burutzen dira bertan. Covent Garden-en Izarren kalea aurki daiteke, Hollywood-eko Ospearen Pasealekua ordezkatzeko sortutakoa.
Auzo honetan daude, halaber, Mayfair, Green Park eta Bond Street.
[aldatu] City
"City" deituriko auzoa da Erresuma Batuko finantzen udalbarruti garrantzitsuena, bai eta munduko nagusienetarikoa ere. Historian zehar, Londres hiria Cityaren eta West Enden inguruan egituratu izan da. Azkenengo hamarkadetan, izugarrizko eraikinak jaso dituzte Cityan; adibidez, Tower 42 (1990era arte Ingalaterrako eraikinik altuena, "Nat West Tower" gisa ezagutua) eta orain dela gutxiko 30 St Axe, 2003an egindakoa eta, bere itxura dela eta, the Gherkin edo '(ozpinetako) pepinoa' ere deitua.
Cityan daude, besteak beste, San Paulo katedrala, Londreseko Dorrea eta Tower Bridge ("Dorreko zubia") zubi ezaguna, hiriaren ikur bereizgarrietako bat. Bestalde, Londreseko alde honetako biztanleria oso eskasa da (7.000 biztanle inguru), baina lanegunetan 300.000 pertsona baino gehiago biltzen dira bertan. Horrenbestez, asteburuetan nahiko toki bakartia izaten da. Azkenengo urteotan, hainbesteko pilaketa dela eta, Canary Wharf auzoa nabarmendu da City-aren ordezko finantza-gune izateko.
[aldatu] East End
East End deitu izan zaio Cityaz ekialdera geratzen den hiri-eremuari. XIX. mende erdialdera, East Endek Whitechapel, Bethnal Green, Stepney eta Hackney hegoaldea ematen zituen aditzera, Cityaren mugakide gehienean. Dena den, Londresen hedatzeko oldar etengabea zela eta, izendapenak adierazten zuen esparrua gainditu egin zen XIX. mende amaierarako, eta biztanle-gune berriak sortu West eta East Hamen. Ordu arte Lea ibaia jotzen zen East Enden ekialdeko mugatzat. Bada, kanporago geratu zen eremu horri East London izena eman zaio, mugak lausoak diren arren. East End Londreseko ingeles langileriaren bizilekua izan da, kaiak eta fabrika ugari ere hor kokatzen baitziren. Hori dela eta, II. Mundu Gerran, alemaniarren erasoek gogor astindu zuten ingurune hau. Bestalde, etorkin ugari ingurune honetan finkatu da azken mende honetan eta egun jatorri askotako jendea aurki daiteke bertan.
Egun, Lea ibaiaren ingurunea, Stratford herriaren eta Hackney iparraldearen artean, berreraikuntza-prozesu batean dago murgildurik (Thames Gateway proiektua), Londres 2012.urtean Joko Olinpikoen egoitza bihurtzeko. Horretarako azpiegitura eta eraikin handiak dira abian.
Cockney delako ingeles hizkeraz (langile-klaseko londrestar zurien hizkeraz) aritzean, eremu honetako hizkerari egiten zaio erreferentzia batez ere.
[aldatu] Docklands
80ko hamarkadatik aurrera garatu zen hiriaren parte hau. Hasieran biltegiz beteta zegoen leku hau, baina artistek eta bestelakoek estudiio izateko birmoldatu zituzten, eta horrek sare kultural handia sortu zuen. Ondoren, inmobiliariek parte hartu zuten eta etengabeko aldaketan dago murgildurik geroztik. Prozesua aurrera eramateko, London Docklands Development Corporation (LDDC) korporazioa sortu zen, eta urte batzuk geroxeago Canary Wharf gunea inauguratu zen, non Erresuma Batuko eta Europa osoko eraikinik altuena dagoen.
Momentu horretatik hona, eraikin eta etxeorratz asko jaso dira, bankuei eta bestelako enpresei toki apropos bat emateko. Bertara HSBC edo Barclays bezalako entitateak hurbildu dira.
Garapen honi lotuta, jatetxe, taberna, pub eta gau-klub asko agertu dira Docklands-eko gune honetan. Trenbide sareak Londreseko metroarekin lotzen du Bank, Shadwell, Conning Town eta Stratford geltokietan.
Biztanleen perfilak ere aldaketa sakona izan du: lehen jende xumea bizi zen, eta ingurua gainbehera sakonean zegoen; orain, ordea, dirusarrera ertain eta handiak dituen jendea da bertan nagusi.
[aldatu] Ekonomia
Londres munduko negozio-gunerik garrantzitsuenetarikoa da, eta munduko lau lekurik inportanteenen artean dago (New York, Tokio eta Parisekin batera)
Europako bigarren gune ekonomikoa izanda, urtez urte, Londreseko ekonomiak Erresuma Batuko Barne Produktu Gordina-BPDren %30a sortzen du, 345 bilioi Libera (£) 2005ean.
Londreseko arrakasta ekonomikoa hainbat eta hainbat faktoreri lotuta dago. Alde batetik, ingelesa munduko hizkuntza globala erabiltzeak erraztu du Londres ekonomikoki haztea, Estatu Batuekin erlazio handia baitauka. Bestalde, trenbide eta aireportu sare eraginkor eta zabal bat edukitzea oso onuragarria izan da hiriarentzat. Gobernuak oso eragin apala du ekonomian, eta zergak nahiko txikiak dira. Horretaz aparte, historikoki, Londres munduko ekonomia gunerik nagusienetarikoa izan da, eta bere horretan mantentzen da.
Londreseko biztanleriaren %85ek (3,2 milioi pertsona) zerbitzuen sektorean dihardu, eta beste milioi erdi biztanlek mantentze-lanetan eta eraikuntzan egiten du lan.
Londreseko finantza-gune nagusienak City, Westminster, Canary Wharf, Camdn & Islington eta Lamberth & Southwark dira.
Finantza esportazioak garrantzia handikoak dira Erresuma Batuko ekonomiarako, 300.000 pertsona baino gehiago aritzen baitira Londreseko finantza-gunean. Londresek 480 banku baino gehiago ditu, munduko beste edozein hirik baino gehiago. Stock Exchange munduko burtsa handiena da, New York eta Tokiok batera sortzen dutena baino handiagoa. Eguneko bere transferentzia 683 milioi dolarrekoa da.
Turismoa ere diru-iturri inportantea da Londresen, 2003. urtean 35.000 pertsona baino gehiago aritu zirelako sektore honetan. Urtero 27 milioi turista erakartzen ditu Londresek.
[aldatu] Garraiobideak
Londreseko garraiobide publikoak ez dira soilik garraiobide bat, benetako nazio-sinboloak baizik. Hortaz, munduko elementu publizitariorik garrantzitsuenetarikoak eta ezagunenetarikoak dira. Garraiobide-sarea Transport for London sozietate publikoak kudeatzen du. Herriarteko garraioak (trenak eta hegazkinak), beste sozietate pribatu batzuek kontrolatzen dituzte, eta haien artean British Airports Authority (BAA) da nagusiena, Londreseko Heathrow, Gatwick eta Stansted aireportuak kudeatzen dituena.
[aldatu] Metroa (The Tube)
Sakontzeko, irakurri: Londresko metroa
Londreseko metroa, The Underground edo askotan The Tube ere deitua, mundu osoan inauguratutako lehenengo metro-sarea izan zen, eta egun munduko sarerik handienetariko eta luzeenetarikoa da. 1863ko urtarrilaren 10ean hasi zen ibiltzen, Metropolitan Railway izenpean. Hortik, hain zuzen ere, "metro" edota "metropolitar" izena. Lurrazpiko lehen garraiobidea izan zen. Gaur egun, jatorrizko ibilbide hori "Hammersmith & City" lineak osatzen du.
Londreseko metroak 274 geltoki ditu, 12 lineatan banatuta, eta 408 kilometrotan zehar ibiltzen da. 2004-2005. urteetan, metroak bidaiari-errekorra lortu zuen, 976 milioi pertsona mugitu baitzituen, 2,67 milioi bidaiari eguneko, gutxi gora-behera. Ez da harritzekoa, pertsona ugarik lanerako erabiltzen baitute egunero, udala ere ahalegin horretan ari da auto-trafikoa arindu nahian. Horretarako, egunero darabilten bidaiariek gehien baliatutako ordainketa-era Oyster delako txartelaren hileko ordainketa finkoa da. Metroa eta autobusak ere gutxi baliatuz gero, berriz, Oyster top-up aukera dago, alegia, txartela nahi bestetan nahi beste diruz betetzea; hartara, joanaldiko txartel bakana (single) erostearen prezio erdian edo gutxiagoan ateratzen da bidaia bakoitza. Single bidaiak bereziki garestiak dira.
Metroa ibilbidearen % 55 lur-gainetik ibiltzen da. Linea bakoitzak kolore bat dauka, eta izen bat, adibidez: ekialdetik mendebaldera Londres zeharkatzen duen linea, Central Line delakoa, gorria da eta, hartara, bidaiariak erraz aurki dezake metro-lineen arteko tunel-matazan. Hiri barrutik ibiltzeko modurik errazena da ziurrenik, lineen arteko aldaketa egitea ez baita zaila eta hiriaren punta batetik bestera mugitzeko era erraza eta erosoa baita. Metro-sarea eta zerbitzuak, ordea, zaharrak dira, esate baterako, pertsona minusbaliatuek ezin dute inondik ere erabili Londreseko Erdialde osoan; ondorioz, eraberritze-lanetan ari dira aspaldian, areago 2012ko Joko Olinpikoetarako prestatzeko, eta maiz etenaldiak izaten dira tarte batzuetan ingeniaritza-lan horiek direla eta, bereziki asteburuetan.
[aldatu] Hiri-barneko autobusak
Londresek autobus-sare zabala dauka, gehienetan double-decker edo bi solairuko busez hornituta. Linea jakin batzuek, ordea, solairu bakarrekoak eta artikulatuak baliatzen dituzte: 25. linea adibidez. Linea batzuek Londres Erdialdea (Citya eta West End) eta inguruko udal-barrutiak lotzen dituzte; beste batzuek, berriz, udal-barruti arteko eta barneko komunikazioetan jarduten dute.
Bidaia ordaintzeko hainbat modalitate daude. Batzuetan, txoferrari ordain dakioke zuzenean, eta trukean berak bidaia-txartela eman. Dena den, autobus-paradetan makina bat izaten da txartela ateratzeko eta, linea batzuetan, nahitaezkoa da txartela bertan ateratzea txoferrari pagatu ordez. Gehienetan, berriz, bidaiariek Oyster txartela darabilte metroko ordainketa-sistema bera baliatuz. Travelcard ere eros daiteke makinan bertan; haren bidez, egun osoz edo hainbat egunetan autobusez nahi beste ibil gaitezke. Autobuseko prezioak merkeagoak dira metrokoak baino.
[aldatu] Trenbideak eta geltokiak
Londres Erresuma Batuko trenbide sareari lotuta dago, baita Europako sareari eta aireportuei ere. 50 tren-geltoki ditu hiri osoan zehar sakabanatuta. Geltokirik handienak eta ospetsuenak honako hauek dira:
- Charing Cross
- London Bridge
- Paddington (Heathrow aireportuarekin lotura zuzena)
- Victoria (Gatwick aireportuarekin lotura zuzena)
- Liverpool Street (Stansted, Southend eta City aireportuekin lotura zuzena)
- King's Cross (Luton aireportuarekin lotura zuzena)
- Waterloo (Eurotunel-a, Londres lotzen du Paris eta Europarekin)
[aldatu] Aireportuak
Sei aireportu ditu Londresek:
- Heathrow- Nazioarteko hegaldietarako aireporturik nagusiena, hiritik 24 kilometrora dago kokatuta. Munduko konpainia handienen egoitza eta eskalabide da (British Airways, Virgin Atlantic, bmi (British Midland). Lau terminal ditu, eta bosgarren bat abian da. 2005.urtean, 67,9 milioi bidaiarik erabili zuten, eta horrek Europako aireporturik erabiliena bihurtzen du.
- Gatwick- Bigarrena garrantziari begira, munta handiko konpainien egoitza da. Londresetik 48 kilometrora kokatuta dago eta 2 terminal ditu. 2005ean 31,5 milioi bidaiarik erabili zuten aireportu hau.
- Stansted- Hiritik 56 kilometrora dago, eta Ryanair bezalako behe-kostuko konpainietarako erabiltzen da batez ere. 2005ean 20,9 milioi bidaiarik erabili zuten aireportu hau.
- Luton- Behe-kostuko hegaldietarako erabilia. Londresetik 56 kilometrora kokatuta, 7 milioi bidaiarik erabili dute dagoeneko. 2030erako bidaiari-kopurua laukoizteko proiektua abian da.
- City- Jet pribatuentzat erabilia batez ere, aireportu txiki hau hiritik 10 kilometrora dago kokatua. 1,19 milioi pertsona ibili dira City-tik.
- Southend- Txikiena eta urrunena, hiriburutik 64 kilometrora dago, kostaldetik gertu. Aireportu militar gisa sortua, hegaldi gutxi kudeatzen ditu, mila bidaiariko kopurua lortu gabe. Hala ere, zabalkuntza handi bat eraikitzeko proiektua burutuko da datozen urteotan, 2 milioietara heltzeko.
[aldatu] Kultura
[aldatu] Musika
- Musika klasikoa:
- Aretoak: Royal Albert Hall eta Royal Opera House.
- Orkestrak: London Symphony Orchestra eta Royal Philarmonic Orchestra.
- Rocka: The Rolling Stones taldea.
[aldatu] Aisialdia eta entretenimendua
West End barrutian, ikuskizunetarako eta entretenimendurako gunea Leicester Square-ren inguruan dago kokatuta. Leicester Squaren egiten dira, hain zuzen, hainbat eta hainbat filmen mundu-mailako estreinaldiak. Piccadilly Circus da beste gune bat, bere iragarki elektroniko erraldoiekin. Inguru honetan dago Londreseko antzoki-auzoa, bai eta zinema, taberna, klub eta jatetxe ugari ere (hiriko Chinatown eremua barne). Auzo honetatik ekialdera abiatuz gero, Covent Garden aurkitzen da, non denda espezializatuak baitaude. Erresuma Batuko Royal Ballet-ek eta English National Ballet-ek Londresen daukate egoitza nagusia, eta haien emanaldiak ikus daitezke Royal Opera House, Coliseum, Sadler's Wells Theatre eta Royal Albert Hall antzokietan. East End auzoan daude Shoreditch eta Hoxton, taberna, nightclub, jatetxe eta arte-galeria pila batekin. Islington auzoan dago Upper Street: kale hori 2 kilometro luze da, eta Erresuma Batuko beste edozein kalek baino jatetxe eta gehiago dauzka.
Europako salerosketa-zonarik handiena da Oxford Street: ia 2 kilometroko luzera dauka --munduko salerosketa-kalerik luzeena, ondorioz--, eta hemen makina bat denda eta erostetxe handi aurki daitezke; adibidez, Selfridges. Zona honen aldamenean dago Bond Street: goi-mailako merkataritza-gunea da, eta moda, bitxitegi eta modako elementu osagarrien diseinu-etxe askorekin egin daiteke topo hemen. Zona honetatik hego-mendebalderantz abiatuz, Knightsbridge-ra iristen da, non Harrods saltoki entzutetsua baitago. Aipaturiko horiekin guztiekin batera, Sloane Street eta Kings Road erosketa-guneak, sona handikoak, Londresek moda-munduan daukan zeresan handiaren lekuko dira. Londresen daukate egoitza, besteak beste, Vivienne Westwood, Galliano, Stella McCartney, Manolo Blahnik eta Jimmy Choo diseinatzaileek.
Bestalde, Londresen kaleko azoka asko daude; adibidez, Camden Market, moda eta produktu alternatiboetarako; Portobello Road, antzinako salgaietarako; eta Borough Market, jaki biologiko eta espezializatuetarako.
Sukaldaritzaren ikuspegitik, Londresek aukera paregabea eskaintzen du, askotariko jatorri etnikoko populazioa daukanez gero. Gastronomia-guneak dira, adibidez, Brick Lane-ko jatetxe bangladeshtarrak, bai eta Chinatowneko jatetxe txinarrak ere. Sohoko jatetxe-eskaintza zabalean daude, besteak beste, Italiako eta Greziako sukaldaritzen eraginpeko establezimenduak, eta, horiez gain, era guztietako berritasun eta bitxitasunak eskaintzen dituzten jatetxeak. Ordainketa-ahalmen handiagoa daukatenentzat, aukera zabalagoa aurki daiteke Londreseko zentroan sakabanatuta, baina bereziki Mayfair, Knightsbridge eta Notting Hillen.
Urtero ospakizun mordo bat errepikatzen da. Jatorri karibearreko biztanleek Notting Hilleko inauteri koloreduna antolatzen dute udaoro; Europako inauteri handiena, alegia. Urte-hasieran, Urte Berriko Desfilea, aski berria, antolatzen da. Desfile tradizionalagoak dira Lord Mayor's Show, azaroan, orain dela mende askotatik antolatua, Londreseko Cityko alkatearen urteroko izendapena ospatzeko (Cityko kaleetan zehar prozesioa egiten da), bai eta ekaineko Trooping the Colour ere (desfile militar hagitz formala, Erreginaren urtebetetze ofiziala ospatzekoa).
[aldatu] Londrestar ezagunak
- William Blake (1757-1827), idazlea.
- Lord Byron (1788-1824), idazlea.
- Harold Pinter (1930-), idazlea.
- Elizabeth Taylor (1932-), aktorea.
- William Watson (1715-1787), fisikari eta medikua.
- Virginia Woolf (1882-1941), idazlea.
[aldatu] Kirolak
- Futbol taldeak: Arsenal FC, Tottenham Hotspur, Chelsea FC, West Ham United, Fulham, Crystal Palace, Queens Park Rangers.
[aldatu] Hedabideak
The Guardian, The Times eta The Daily Telegraph egunkariak hiriko garrantzisuenak dira.
[aldatu] Euskal Diaspora
- Basque Society-Euskal Elkartea: Oxford House. Derbyshire Street, Bethnal Green.
[aldatu] Kanpo loturak
- Hiriko webgune ofiziala
- The Guardian egunkariko webgunea
- The Times egunkariko webgunea
- The Daily Telegraph egunkariko webgunea
- Londres Transport


